Gaur San Joan bezpera da, eta Aian eta Orion hainbat ekitaldi antolatu dituzte uda sasoiari ongietorria emateko. Alde batetik, Aian 22:00ak inguruan sua piztuko dute herriko plazan, eta herritarrak suaren inguruan dantza egitera gonbidatu ditu Lardizabal Eskolako Guraso Elkarteak. Dantzaldiaren ondoren, txokolatea bizkotxoekin dastatuko dute bertaratzen direnek.
Orion, sorginen kalejirak herria zeharkatuko du 21:30ean hasita. Aurten berrikuntza moduan, Harribil Dantza Taldeak Arinmak izeneko ikuskizuna prestatu du San Joan bezperarako, eta 22:00tan Karela Kiroldegian aurkeztuko dute dantza eta musika uztartuko dituen saioa. Bestalde, 22:30ean San Joan sua piztuko dute Anibarko Portua auzoan.