Aiako eta Orioko herritarrek udako Mintzalagun programan parte hartzeko eta euskara praktikatzeko aukera dute. Izena emateko epea zabalik dago, ekainaren 20ra arte.
Argibideak jaso edo izena emateko harremana:
- Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
- Telefonoz: 625 485 215
- Emailez: urolakosta@aek.org
- www.mintzalagun.blogspot.com
- www.facebook.com/mintzalagunak.gara
Ikasturte amaierako ekitaldia
Ikasturte amaierarekin ekitaldi bat egingo da urritik ekainera mintzalagun programan parte hartu dutenekin. Guztira, 22 taldetan elkartuta, 90 pertsona inguru ibili dira mintzalagun programan ikasturtean zehar, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian.
Ikasturte amaierako ekitaldia Zarautzen egingo da, ekainaren 7an, 18:30ean, Antoniano aretoan. Oraingoan, Andoni Egañarekin solasean emanaldia egingo da.
Mintzalagun programa, zer da?
Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen da?
Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.
Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…
Urola Kostan, 9 urte
2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.
Asteroko hitzorduak, ekitaldiak, irteerak, zozketak
Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten da (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…