Hiru pilota txapelketetako hainbat partida jokatuko dira gaur eta bihar artean herrian

Karkara 2018ko mai. 4a, 15:00

Pilota eskolako txapelketako irudia. (Orioko Pilota Elkartea)

Gaur pilota eskolakoen finalak eta finalerdiak eta Sanpedrotako Gomazko txapelketako lehiak izango dira. BIhar, berriz, Sanpedrotako Haurren Txapelketa hasiko du Orioko Pilota Elkarteak. 150 neska-mutilek eman dute izena.

Orioko Pilota Elkarteak antolatutako pilota txapelketetako hainbat partida jokatuko dira asteburu honetan.

Gaur, ostirala, Aiako eta Orioko benjamin eta kimuen bikotekako finalerdiak eta finalak jokatuko dira. 17:00etan hasiko dira norgehiagokak. Orioko Pilota Elkarteak txapelketa hori pilota eskolako gazteentzat antolatu du, aurten lehen aldiz.

Baina ez dira txapelketa horretako partidak bakarrik izango gaur. Izan ere, San Pedrotako Gomazko Pilota Txapelketa hasiko da, sanpedroak bitartean jokatuko da lehiaketa. Kasu honetan, sei bikotek eman dute txapelketarako izena: llarramendi-Berasaluze; Esoain-Laskibar; Murua-Arruti; Maiz-Balerdi; Arruti-Polo; eta, Lizaso-Contreras.

150 neska-mutil pilotan

Bihar, larunbata, berriz, San Pedrotako Haurren Pilota Txapelketari ekingo diote. 150 neska-mutilek eman dute txapelketarako izena. 15:00etan hasiko dira lehen partidak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide