Abiatzear da Urola Kostako kultura eta sormen industrien mahai sektoriala

Karkara 2018ko ots. 13a, 16:41

Bihar elkartuko dira UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, sektorean sarea eratu eta beste proiektu batzuk garatzeko oinarriak finkatzeko. 

2017an eskualdeko kultura eta sormen industrien alorreko potentzialitate, ahultasun eta beharren azterketa egin zuen UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak, "Urola Kosta, eskualde sortzailea" egitasmoaren bitartez. Egindako azterketa eta sentsibilizazio lanari jarraipena eman nahi diote orain, egitasmoak azaleratu dituen beharrei erantzunez. Besteak beste, sektorean sare bat osatzea, profesionalizatzea eta ikusgaitasuna ematea dira behar horiek. 

Sektorean sare bat osatzeko beharrari erantzun bat emateko jarriko dute martxan Urola Kostako kultura eta sormen industiren mahai sektoriala. Sare hori mantendu eta beste proiektu batzuk garatzeko oinarriak finkatu nahi dituzte. Mahai sektoriala osatzeko bihar elkartuko dira, asteazkena, 9:30etatik 11:30etara Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz). 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide