Eusko Jaurlaritzak alerta laranja eman du biharko eta etzirako elurragatik

Karkara 2018ko ots. 6a, 16:34

Elurra kostaldera iritsi daitekeela iragarri du Euskalmetek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja eman du biharko eta etzirako elurragatik. Euskalmetek iragarri duenez, prezipitazioak gaur, asteartea, arratsaldean iritsiko dira kostaldetik, eta hasieran txikiak izango dira, baina ondoren indarra hartu dezaketela ohartarazi du. Euskalmeten arabera, elur kota 100-300 metrokoa izango da gaur arratsaldetik aurrera.

Bihar, asteazkena, kostaldetik iritsiko dira zaparradak eta Euskalmetek ez du baztertzen, kostaldean txingorra egitea, itsasotik etorriko den frontea ekaitz bihurtuta. Aemet Espainiako meteorologia agentziak Gipuzkoan elurra ehun metrora egingo duela iragarri du, eta alerta laranja gaur arratsaldeko 18:00etatik eman du. Ez du baztertzen, gainera, itsasoaren mailan ere elurra egitea. Esaterako, Zarautzen bihar 06:00etatik 12:00etara artean iragarri du elurra. Azpeitian, berriz, bihar egun guztian.

Ostegunean joera bera izango du eguraldiak, baina eguerditik aurrera baretu egingo da, Euskalmeten arabera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide