Hazilan programaren izen ematea zabaldu dute

Karkara 2018ko urt. 14a, 12:31

Konpetentziak landu eta laneratzea helburu duen eskualdeko gazte langabeen programa da Hazilan. Urtarrilaren 26ra bitarte eman daiteke izena, eta informazio-saio bat ere egingo dute interesa dutenei xehetasunak azaltzeko.

Hazilan proiektuaren bosgarren edizioa jarri du martxan UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak. Gaur egun langileak “beharrezkoak” dituzten trebetasunak bereganatzen laguntzeko programa da Hazilan, eta, era berean, enpresak dituzten beharrei erantzutea du helburu. Bide batez, esperientzian oinarritutako irakaskuntza jasotzea da asmoa; enpresek eskatzen dituzten trebetasun eta konpetentziak lantzeko. Bosgarren edizio hau otsailean hasi eta uztailean amaituko da, eta bi fase izango ditu: aktibatze fasea, zeharkako konpetentziak lantzeko; eta lan fasea, enpresetan praktikak egiteko.

Urtarrilaren 26ra arte eman daiteke izena. Interesa dutenei programaren xehetasunak azaltzeko informazio-saio bat ere egingo dute, datorren ostiralean 11:00etatik 12:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Orain arte egindako 4 edizioetan 62 pertsonek hartu dute parte, eta UKUEren arabera, %50a prozesuan zehar edo amaitu eta 6 hilabeteko epean laneratu da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide