Enpresa Euskaraz Handitzen proiektua aurkeztu du Udal Elkarteak

Karkara 2017ko aza. 23a, 17:09

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz egiteko laguntza ematea da asmoa.

Udal Elkartean egindako agerraldian aurkeztu dute proiektua. Bertan izan dira Udal Elkarteko eta udaletako ordezkariak (Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Nekane Iribar Zarauzko euskara zinegotzia, Igor Iturain Udal Elkarteko lehendakaria eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara teknikariak). Proiektua garatzen lagunduko duen Ahize-Aek eta Eregi aholkularitza eta komunikazio enpresak ere bertaratu dira.

Bi urteko iraupena izango du programak, hil honetan hasita. 70.541,79 euroko aurrekontua erabiliko Udal Elkarteak programa garatzeko. 

"Euskara txikia izanik ere asko maite eta egin dezakegu gure hizkuntzaren alde", zioen Imanol Urbietak. Esaldi hori ekarri dute gogora, eta oinarri hartuta, enpresa txikiak euskaraz handitu nahi dituztela azaldu dute. Euskararen erabilera sustatu nahi dute, eta euskararen erabilera handituz, enpresa bera ere handituko dela uste dute. Euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea "guztion ardura dela" azaldu dute agerraldian.

Enpresa txikiak giltzarri

10 langile baino gutxiago dituzten enpresak hartuko dituzte oinarri, eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak diren tresnak eskainiko dizkiete. Besteak beste, bezeroekiko harremanetarako oinarrizko euskarri eta dokumentuak euskaraz jartzeko laguntza eta lana euskaraz egiteko urratsak emateko aholkularitza eman nahi diete enpresa txikiei.

Horretarako, bi saio praktikotan parte hartuko dute enpresa txiki horiek. Ahize-Aek aholkularitza etxeak gidatuko ditu, eta saioen ondoren eskainiko diete banakako laguntza eta aholkularitza.  Saio praktiko horiek azaroaren 28an eta 29an eta abenduaren 12an eta 13an izango dira.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako 10 langiletik beherako edozein enpresak parte har dezake programa honetan, baina deialdi berezia egin diete estetika zentroei, ile apaindegiei, osasun arloko zerbitzu enpresei eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide