‘DenokZu’ kanpainarekin bat, herritarrak sentsibilizatze aldera

Karkara 2017ko uzt. 19a, 16:13

Urola Kostako udal agintariak, tartean Aiako alkate Nekane Arrizabalaga, Kale Nagusian (Aritz Mutiozabal).

Indarkeria matxistaren aurrean, gizartearen "inplikazioa" eta "konpromisoa" beharrezkoak direla nabarmendu du.

Aurre! planaren barruan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko DenokZu sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak. Orain, Gipuzkoako udalekin elkarlanean hedatuko du, eta horretarako eskualdez eskualde biltzen ari dira azken asteetan tokian tokiko alkateekin, zinegotziekin eta teknikariekin. Gaur eguerdian Zarauzko Etxezabala eraikinean egin dute topaketa eta bertan izan dira Urola Kostako hainbat agintari, tartean Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea.

Herritarrak sentsibilizatzea du helburu kanpainak, eta udalen bitartez zabaltzea ezinbestekoa dela iritzi dio aldundiak. “Behar-beharrezkoa baita gizarte osoaren inplikazioa, herritar, eragile eta erakundeena indarkeria matxistarekin behin betiko bukatzeko”, nabarmendu du Elgarrestak. Era berean, konpromisoa eskatu die. Topaketa hauetan, besteak beste, udako festa nagusien aurrean protokoloa lantzen hasi dira, edozein gertakariren aurrean erantzun bateratua emateko.

Aldundiarentzat “lehentasunezko” helburua da “Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea”, eta horretara zuzenduta egitasmoetako bat da, esaterako, Aurre! foru plana: biktimei arreta eskaintzeaz gain, prestakuntza, ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere hartzen ditu kontuan plan horrek. Horren harira, DenokZu kanpaina jarri zuen abian azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, “orain artean biktimarengan zentratuta zegoen begirada gizartearengan jarriz”.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide