Abenduaren 1eko bilkuran, Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak zabor bilketa zerbitzua mankomunatzea onartu zuen aho batez. Udal Elkarteak hondakinak gaika biltzeko zerbitzuak kudeatzen ditu orain: papera, ontzi arinak, beira, bio-hondakina, arropa... Errefusa, ordea, udalerri bakoitzean kudeatzen da. Akordio berriaren bitartez, 2018tik aurrera Udal Elkarteak jaso eta kudeatuko ditu Urola Kostako hondakin guztiak.
Hiru multzotan
Hiru adarretan banatuko da hondakinen bilketa: etxeko hondakinak, komertzioa eta ostalaritza eta, azkenik, enpresak.
Etxeko hondakinak bost edukiontzi bidez jasoko dira, orain arte bezala: errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira. Aldaketa bakarra errefusa eta organikoaren edukiontziek erabilera mugatua izango dutela da, hau da, txip bidez irekiko dira. Gainerako edukiontziek sistema berarekin jarraituko dute.
Landa eremuan, zenbait gunetan errefusa edukiontziak daude orain. Sistema berriarekin guneak osatuko dira eta zabor bilketa zentralizatuko da gune horietan. Horrela, landa eremuan ere gaikako bilketa egingo da.
Komertzio eta ostalaritzan, puntuz puntuko bilketa zerbitzua eskainiko zaie sortzaile handi eta ertainei eta sortzaile txikiek kaleko edukiontziak erabiliko dituzte. Organikoa, papera-kartoia eta errefusa izango dira puntuz puntu bilduko diren hondakinak. Astean 7 egunez emango zaie zerbitzua ostalariei eta 6 egunez merkatariei. Sortzaile handi, ertain eta txikien arteko banaketa egiteko irizpideak zehaztu gabe daude oraindik.
Azkenik, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dira enpresen hondakinak: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, papera-kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresei hondakin organikoen sortzaile handien puntuz puntuko bilketa aplikatuko zaie.
Birziklatze tasa igotzea helburu
Urola Kostako birziklatze tasa %40an dago orain. Bilketa sistema berriaren helburua gaikako bilketa tasa handitzea eta errefusarena txikitzea da. 2018ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan eta lehenengo urtean %60ko birziklatze tasa lortzea da helburua. 2019an tasa hori %70era igo nahi dute, eta %75era 2020an.
Azterketa teknikoa
Sistema berria egiteko, Udal Elkarteko Ingurumen Sailak azterketa teknikoa egin du. 2015eko abenduan hasi zen azterketa. Lehen atala, gaur egungo sistemaren egoera zehatz mehatz jasotzen duena, 2016ko uztailean aurkeztu zitzaion Zuzendaritza Batzordeari. 2016ko urrian sistema berriaren proposamena aurkeztu zuten, hau da, azterketaren bigarren zatia.
Behin Zuzendaritza Batzordean aurkeztuta, Udal Elkarteko eta Aiako, Orioko, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako teknikari eta politikariek landu zuten sistema berriaren proposamena. Abenduaren 1ean, Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen akordioa.
2017an lanketa
Sistema berria diseinatu eta onartzea lehen pausua izan da, baina 2018an martxan jartzeko hainbat urrats geratzen dira egiteko. 2017ko urtarrilean pleguak martxan jartzea aurreikusten dute kontratazioak egiteko. Tasak eta kobrantza sistema ere erabaki behar dute –kobrantzaren gestioa Udal Elkarteak egingo du, eta ez Udal bakoitzak, orain arte bezala–. Bestalde, Udal bakoitzak hondakinen mahaia deitzeko konpromisoa hartu du.
2017an sistema berriaren lanketa egingo dute herritarrekin. Batetik, komunikazio kanpaina egingo da sistema berria herritarrei ezagutarazteko. Bilketa sistema martxan jarri aurretik, beharrezko informazio euskarriak etxe guztietara bidaliko ditu Udal Elkarteak. Bertan funtzionamendua eta jarritako epe eta helburuak jakinaraziko zaizkie herritarrei.
Bestetik, sistema berria martxan jartzeko, informazioa zabaltzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko lau hezitzaile kontratatzea aurreikusten du Udal Elkarteak. Hezitzaile horiek, herritarrak sentsibilizatu, erabiltzaileei ohartarazpenak egin eta gune ilunak identifikatuko dituzte.