Helburuak beteta, Zegama-Aizkorrin

Karkara 2016ko mai. 23a, 08:44

Argazkia: Salomon

Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan da asteburuan. Hiru oriotarrek eta bi aiarrek hartu zuten parte. Horien artean azkarrena Hodei Alkorta izan da. 

Euria eta hotza. Lurra labain. Lokatza ugari. Baina ibilbidean zehar animoak ematen ari ziren zaleak ere asko. Baldintza gogorrak arintzeko adina babes eman zuten. Korrikalarientzat berezia izaten den Zegama-Aizkorri berezia bezain gogorra izan da aurtengoan, baina behin 43 kilometroak bukatzeko helburua beteta, sentsazio gozoak izan dituzte lasterkariak. 

Hiru oriotarrek hartu zuten parte mendi maratoiean: Jakes Goikoetxeak, Bittor Andresek eta Sara Peñak. Jakes Goikoetxea izan zen oriotarretatik azkarrena, sei ordu eta lau minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. 189. postuan helmugaratu da Goikoetxea. Bittor Andresek 244. bukatu du lasterketa, sei ordu eta 37 minututan egin du ibilbidea. Sara Peñak bosgarren egin du beteranoetan eta 19. emakumezkoen sailkapen orokorrean.  Sei ordu eta 49 minutu behar izan ditu Peñak lasterketa bukatzeko.

Bi aiarrek ere hartu dute parte Zegama-Aizkorrin: Hodei Alkortak eta Gotzon Iruretagoenak. Alkorta 49. postuan sailkatu da. Bost orduetatik jaitsi da, lau ordu eta 53 minututan bukatu baitu lasterketa. Iruretagoienak 112. egin du, bost ordu eta 23 minuturekin. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide