Gotzon Iruretagoiena: "Kanpoko jende hori lasterketaren parte da, barruan daude"

Karkara 2016ko mai. 20a, 10:09

Lau oriotarrek eta bi aiarrek hartuko dute parte Zegama-Aizkorrin. Sara Peña, Josu Perez, Bittor Andres eta Jakes Goikoetxea dira oriotarrak. Hodei Alkorta eta Gotzon Iruretagoiena aiarrak. Azken honekin elkartu gara.

Parte hartzen duzun lehen aldia al da?

Hirugarren aldia da Zegama-Aizkorrin parte hartzen dudala. Lehiaketa ikusgarria da; mendia gustatzen zaionarentzat, izugarria. Sekulako paisaiak ikusten dira. Gainera, jende asko egoten da eta animoak sentitu egiten dira. Diferentea da...

Zer berezitasun du, bada, Zegama-Aizkorrik?

Ezagunagoa da, bai; irabazita du ospe gehiago. Mendiak eta politak dira, bai, baina beste hainbat lasterketetan ere inguruan paregabeak dira. Zegama-Aizkorriren berezitasun handiena lasterkariez gain, ikusten ari den jendearen berotasuna da. Kanpoko jende hori lasterketaren parte da, barruan daude.

Gainontzean mendi maratoiak egiten al dituzu? 

Mendi maratoia bakarra, ate joka dagoen Zegama-Aizkorri. Besterik ez. Gainontzean, aurretik, beste 3-4 lasterketa egiten ditut. Tartean, Zarauzko triatloia. Baina, esan bezala, luzeena hau da. 20-25-30 kilometroko lasterketak egiten ditut gainontzean. Garrantzitsua da hori, lasterketak egitea, prestatzeko. Finean, lasterketa horiek guztiak Zegama-Aizkorrirako prestakuntza dira. 

Eta korrika, beti mendian? Ala egiten al dituzu asfaltoko lasterketak?

Beti mendian ez, giharrentzako ere ez baita ona. Entrenamenduak asfaltoan egiten ditut, eta gero, asteburuetan, mendia zapaltzen du, lasterketetan.

Zegama-Aizkorrira bueltatuz, nola prestatzen zara lasterketarako? Zure kaxara entrenatzen duzu?

Bai, nire kaxara aritzen naiz. Urteak daramatzat honetan eta nire gorputza ezagutzen dut. Badakigu zer datorkigun ondo, zer ez... Entrenamenduak dosifikatu egiten ditut, lasterketetan ondo egoteko. Baina ezin dut ukatu urteko helburuetako bat Zegama-Aizkorri dela. 

Helburueta ari garela... Zein izango litzateke zuretzat emaitza ona? Emaitza eta denbora lotuta al daude zuretzat?

Zegamako dortsala lortzea zaila da oso. Bost orduetatik jaisten denak dortsala ia-ia  segurtatuta dauka. Berme moduko bat da hurrengo bi urteetan dortsala izateko. Izan ere, gutxi gorabehera lehen 125 lasterkariek bi urterako dortsala eskuratzen dute. Helburua, beraz, hori da, dortsala ziurtatzea. 

Eta aurreko egunak, gaurkoa kasu, nola bizi dituzu?

Momentuan lasai nago. Lana normaltasunez egiten dudanez, ez nago horretan pentsatzen uneoro. Horrek lasaitzen lagutnzen du. Horretarako biziko banintz eta horren zain egongo banintz, urduritu egingo nintzateke. Hala er, pentsatzen du eguna hurbildu ahala barrua mugitzen hasiko zaidala.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide