Euskal Herriko Itzuliaren 56. edizioa Etxebarriatik abiatuko da. Apirilaren 4an hasiko da itzulia, datorren astelehenean. Eskualdean barrena igaroko da, eta laugarren etapa, zehazki, Orion bukatuko da. Laugarren etapa horretan Aia zeharkatuko dute txirrindulariek, bi alditan. Etapa hori Orion bukatu eta bosgarren etapa Orion hasiko da.
Aia eta Orio presente Itzulian, ohi bezala
Lehen etapa Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen bukatuko da. Hurrengo egunean Markina-Xemeinen hasitako etapak Amurrion izango du amaiera. Hirugarren etapa Gasteiztik abiatuko da eta Lesakan bukatuko da. Laugarrena Lesakan hasiko da eta eskualdeko hainbat txoko igaro ondoren, Orion amaituko da.
Apirilaren 7an izango da Orion amaituko den etapa hori. Lesakatik Aiara joango dira txirrindulariak. Aiako aldapa entzutetsua igoko dute, eta handik kostara joango dira, Zumaiara. Zumaiatik berriz ere Aiara joko dute. Aiako kaskotik Ubegun industrialdera jaitsiko dira eta handik Oriora joango dira.
Hurrengo egunean, apirilaren 8an, Oriotik emango zaio hasiera bosgarren etapari. Aia eta Orioko tren geltokiaren parean, biribilgune horretan, emango zaio hasiera lehiari. N-634 errepidea hartuko dute txirrindulariek eta Urola Kostako hainbat herritatik igaroko dira, Zarautz, Getaria eta Zumaiatik, hain zuzen. Ondoren, Itziarreko bidea hartu eta Eibarko Arrate gainera igoko dira, etapa han bukatuko baita. Seigarren eta azken etapa Eibarren jokatuko da, 18 kilometrotako ibilbidean. Bakarkako erlojupekoa izango da azken etapa hori.