Laguntza laguntzen dutenentzat

Karkara 2015ko api. 16a, 10:51

Eskualdeko familietara egoera larrian dauden herrialdeetako haurrak ekartzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteei diru laguntza emango die Uriola Kostako Udal Elkarteak

Bizirauteko arazoak dituzten herrialdeetako haurrak udan egonaldi duina izan dezaten, Urola Kostako Udal Elkarteak diru laguntza emango die eskualdeko udalerrietako elkarteei, zehazki, haurrak Urola Kostako eskualdeko familietara ekartzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteei.

Orion bada elkarte bat lan horretan aritzen dena, Gueraraorio elkartea, alegia. Duela urte batzuk, Oporrak Bakean proiektua hasi zenean, hamabi ume inguru etortzen ziren Saharatik Oriora. Gaur egun, ordea, familien harrera jaitsi egin da eta bide hori agortzen ari da. Jendea ez dago prest, hainbat arrazoigatik, umeak etxean hartzera. Hori dela eta, iaz Urola Kostako Udal Elkarteari proiektu berri hau aurkeztu zion Gueraraorio elkarteak: familiatan hartu beharrean, haurrak etxe batera etortzen dira eta elkarteak berak gestionatzen du umeen egonaldia. Diru laguntza deialdi horrekin egoera larrian dauden herrialdeetako haurrak udan gure eskualdera ekartzea sustatu nahi du, hortaz, bat dator herriko elkartearen asmoarekin.

Diru-laguntza deialdi horretarako 18.500,00 euro ditu Udal Elkarteak. Diru laguntzaren deialdia eta oinarriak martxoa amaieran onartu zituen Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen martxoaren 30ean.

Egitasmoak aurkezteko epea 30 egunekoa da, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; beraz, eskaerak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a da. Diru laguntza eskaera egiteko hainbat agiri aurkeztu behar dira: elkarteari buruzko agiriak, egitasmoa, aurrekontua... Argibideak edo oinarriak eskura daude Urola Kostako Udal Elkartearen webgunea, baina hori ez da bide bakarra, Urola  Kostako Udal Elkartean ere eskuratu baitezakezu beharrezko informazioa eta dokumentazioa.

Informazio gehiago behar izanez gero deitu 943 89 08 08 telefonora, jo Urola Kostako Udal Elkartera edo idatzi idazkaritza@urolakosta.org helbidera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide