Duela urte batzuk, Oporrak Bakean proiektua hasi zenean, hamabi ume inguru etortzen ziren Saharatik Oriora. Gaur egun, ordea, familien harrera jaitsi egin da eta bide hori agortzen ari da. Jendea ez dago prest, hainbat arrazoigatik, umeak etxean hartzera. Hori dela eta, iaz Urola Kostako Udal Elkarteari proiektu berri hau aurkeztu zion Gueraraorio elkarteak: familiatan hartu beharrean, haurrak etxe batera etortzen dira eta elkarteak berak gestionatzen du umeen egonaldia.
Baina proiektu berri honek ere lana eskatzen du: umeekin egotea –iaz batek hanka bihurritu zuen eta etxean geratu behar izan zuen egun batzuk–, etxeko gauzak egitea –janaria prestatu, arropa garbitu eta horrelakoak–, gaua berekin pasatzea, guardiak egitea... Guzti hori egiteko jendea behar dute, eta laguntzaileak eskatzen ari dira elkartean.
Iazko dinamika bera mantendu nahi dute aurtengo udan ere: goizetan umeak kiroldegira joaten ziren kirol ekintzak egitera eta arratsaldean, begirale baten zaintzarekin, denbora librea izaten zuten. Aste osoa etxean elkarrekin egon ondoren, asteburuak familiatan pasatzen zituzten umeek. Aurten ere gauza bera egitea da elkartearen asmoa eta, horregatik, asteburuetan beren etxean umeak hartuko dituzten familiak ere eskatzen ditu.
Gueraraorio elkartetik Oporrak Bakean proiektuan parte hartzera animatzen dituzte Oriotarrak, esperientzia polita dela diote: iaz umeak asteburuetan hartu zituzten familiak gustura egon ziren, eta aurten errepikatzeko eskatzen ari dira batzuk. Bestalde, aste barruko lanak arinago izango direla diote, laguntzaile askok izena ematen badute eta bakoitzak ahal duen moduan laguntzen badu. Hezitzaile batek esperientzia hau praktika moduan hartu nahi badu, hori ere elkartetik bideratu dezakete.
Lau edo bost ume etorriko dira aurten Gueraraoriok hartutako etxera, eta haurrak udan Saharatik ateratzea oso garrantzitsua dela azpimarratzen dute elkartean. Onura handiak ditu haurrentzat: kilo batzuk hartzeaz gain, udan zehar hemen hartzen dituzten nutrienteek basamortuan urtea pasatzeko balio diete. Fruitu, barazki eta arrain asko ematen diete, hori baita basamortuan gehien falta dutena. Gainera, mediku eta dentistarengana eramaten dituzte.
Laguntzeko edo asteburutan etxean hartzeko prest dagoena Gueraraorio elkartearekin kontaktuan jar daiteke ahmed5388hamza@hotmail.com helbidean edo 617 744 189 eta 688 661 830 telefonoetan. Diruz ere lagundu daiteke proiektua, kontu korronte honetan: ES76 2100 7957 1201 0007 7639.