Korrika

Bilbora azken metroak egitera

Karkara 2015ko mar. 24a, 13:44

Goizean goiz abitu eta iluntzean bueltatuko da autobusa, Korrikaren azken metroak egin ondoren.

Igande honetan amaituko da Korrika Bilbon. Jada Bizkaian sartu da Korrika, eta dagoeneko, 1264 kilometro egin dituzte. Hamar eguneko lasterketa amaitzeko 1.236 kilometro falta dira, eta Urola Kostako AEK-k azken kilometroak egitera animatu nahi ditu oriotarrak eta aiarrak.

Eskualdeko autobusa goizeko 9:30ean abiatuko da Bilbora. Eta, Korrikaren bukaeran parte hartu ondoren, egun osoko festaz gozatu eta iluntzeko 20:30ean izango da itzulerako autobusa. Parte hartu nahi duenak Kolon Txikin eta kultur etxean eman dezake izena 10 euroren truke.

Urola Kostako AEKren oharra Korrikako partaideentzat

Urola Kostako AEK-k honako oharra argitaratu eta zabaldu du, Korrikan era batera edo bestera parte hartu duten guztiei eskerrak emateko:

Astelehen handiarekin esnatu gara gaur, baina irribarrea ezin ahotik kendu gabiltza. Izan ere, emozioz betetako asteburu luzea izan dugu. Korrika txikiekin hasi ginen asteazkenean eta hainbat eta hainbat izan dira zubi honetan zehar eskualdean egin ditugun ekimenak: Gosariak ikuskizuna, Anje Duhalderen emanaldia, Urko eta Nagore, Perlak, Zea Mays eta Fan&Go-ren kontzertuak, Mus txapelketa, Muxikoak, haurrentzako jolasak, bertsoak, trikitilari eta joaldunak, herri bazkariak, hamaiketakoak... Urepelera gerturatu ginenok ere, inoiz izan den Korrika hastapen jendetsuena bizi ahal izan genuen, benetan hunkigarria eta ederra.

Eta iritsi zen atzoko egun handia. Hotzez eta urduri itxaron behar izan genuen, Donostian lasai-lasai ibili ondoren atzerapenarekin zetorrela eta. Baina, bozgorailuetatik aurtengo abestiaren doinuak eta animo oihuak entzun bezain laster, Korrikaren berotasunak hartu gintuen. Hortik aurrera tipi-tapa tipi-tapa oihu artean ilusioz eta irribarretsu egin genuen Oriotik Errezilerainoko bidea.

Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu Urola-Kostako AEKren izenean, modu batera edo bestera Korrikan parte hartu duzuen guztioi! Zorionak zuei! Zuek gabe ez bailitzateke posible izango hau guztia aurrera ateratzea.

Eskerrik asko atzo kalera atera zineten guztiei, Korrika batzordeetan parte hartu duzuen guztiei, Korrika txikiak antolatzen lagundu diguzuen ikastetxe guztiei, diru-bilketan eta arropa salmentan aritu zareten guztiei, Korrika aurretik petoak saltzen ibilbide osoa egin zenutenei, argazkiak atera eta gure esku utzi dituzuenoi; eta noski, zuen ekarpena egin duzuen 'Korrika laguntzaile' nahiz 'Korrika lagun' guztiei; baita Udalei ere, emandako diru-laguntza eta azpiegiturengatik. Ezin ahaztu kilometroak erosi dituzuen guztiak, eta nola ez, Korrika kulturaleko egitaraua aurrera ateratzeko lanean aritu zareten guztiak. Gure ikasle finei ere eskerrik asko! Azken hilabete honetan izandako pazientziagatik.

Egun hauetan bizi izandakoa zoragarria izan da! Horrek guztiak indar handia eman digu eta ziur egon, lanean jarraituko dugula Euskal Herri osoa EUSKAHALDUNDU ARTE!

ZORIONAK UROLA-KOSTA! Eta gogoratu, Bilbora bidean Korrikak aurrera darrai!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide