Garapen Elkarteak, Donostia Sustapena eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, 2014ko Global Training programa abian jarri du. Global Training nazioarteko mugikortasun programa bat da. 30 urte baino gutxiago dituzten gazteei eta unibertsitate eta goi-mailako lanbide heziketako ikasketak dituztenei atzerriko enpresa eta erakundeetan ordaindutako 8 hilabeteko praktikak egitea du helburu.
Bekek zortzi hilabeteko iraupena dute eta jasoko den diru laguntza 1.134,77 eurotakoa da. Programa hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatzen du. Europako herrialdeetan egin daitezke praktikaldiak, baita Latinoameriketan ere.
Ekonomia alorreko profesionalak, ingeniariak, biologoak, elikagaien teknologietan adituak, soziologoak, turismo ikasketak dituena, albaitaria, ingeniari agronomoa, historialaria eta arkeologoa dira lehentasuna duten profil profesionalak.
Beka jasotzeko izena emateko epea uztailaren 28an itxiko da. Urola Kostako Udal Elkarteak informazio saioak antolatu ditu eskualdean interesa duten pertsonentzat. Saioak uztailaren 24ean izango dira, 10:00etan euskaraz eta 13:00etan gaztelaniaz. Udal Elkartearen egoitzan izango dira saio hauek, Zarauzko Urdaneta bideko seigarrenean.