"Oinarrizkoa da eskatzen duguna"

Karkara 2014ko mai. 30a, 11:16

Arantxa Adurizek, Marilu Larrañagak eta Rosi Lazkanok hartu zuten Orioko Gure Esku Dago ekimena antolatzeko ardura. Gogotsu, irripartsu eta kementsu daude hiru emakumeak; erabakitzeko eskubidearen alde baina oinarrizko eskubidearen eske ibili behar izatearen kontra.

Erabakitzeko eskubidearen alde egin behar izatea demokratikoa al da?

A. Aduriz: Niri horrek amorrazioa ematen dit. Garai honetan, bizitutako guztia bizita, erabakitzeko eskubidearen eske ibili behar izateak tripako mina ematen dit. 

R. Lazkano: Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena da, baina jendeak beste irakurketa bat egiten du; haratago joaten da, urrunegi. Izan ere, oinarrizkoa da eskatzen duguna eta guztiok ados egon beharko genuke.

A. Aduriz: Berezko zerbait da: ni naiz edo ez naiz. Behin hori jakinda, goazen garen horren bila. Bidean, ez dut inor konbentzitu behar; nahi duena etor dadila eta nahi ez duena ez. Alde batera utzi behar ditugu aurreiritziak, eta behingoagatik aurrera joan.

Aldarrikapen prepolitikoa eta sentsibilitate guztien topagunea omen da...

R. Lazkano: inork ez luke ekimen honen aurka egon behar, esan bezala, oso oinarrizkoa baita eskatzen dena. Kontua da aldarrikatzen denari erreparatu ordez, jendeak antolatzaileengan jartzen duela fokua. Etiketatu egiten dute ekimena eta jendeak zer pentsatu duenaren beldur dira.

Iritzia emateko beldur gara, ezta?

A. Aduriz: herriko gazte bati galdetu nion ea laguntzeko prest zegoen. Izatez prest zegoen baina kokildu egin zen, jendeak batekin ala bestearekin lotuko zuten beldur baitzen. Ni, aldiz, ez naiz zailtasun horrekin topatu. Ikastolen mugimenduan sartuta egon naiz, betidanik, eta inork ez dit geldiarazi. Proiektu bat defenditzerakoan sendo mantendu behar duzu; besteak errepetatzen aurrera egin.

Aurrera bata besteari eskua emanda, giza katea osatzen...

A. Aduriz: eta lo dagoen herria esnatzen.

R. Lazkano: Festa giroan ikusiko da hori. Antolatzaileek ere esan digute asmo horrekin joateko, eta hori egingo dugu. 

M. Larrañaga: kilometro bakoitzako 10 antolatzaile egongo dira. Antolakuntza handia dago guzti honen atzean.

Guztira, zenbat kilometro osatu dituzue oriotarren artean?

R. Lazkano: Oraingoz 110 metro lortu ditugu. 

M. Larrañaga: Helburua 200 metrotan geneukan, baina tira... 

A. Aduriz: 200 pertsona joango gara Oriotik, baina jendeak beste bide batzuetatik eman du izena. Gainera, gazte jendea ere falta zaigu izena emateko, eta pentsatzen dut ekainaren 8a bitarte animatuko direla. 

Goizen goizetik ilundu arte; egun osoko plana da, ezta?

R.Lazkano: Goizeko 9:00etan autobus geltokian gelditu gara. Ordubeteko bidaiaren ostean, 10:00etan, Urretxun egongo gara, han egotea egokitu baitzaigu. Zarauztarrekin batera goaz, bioi 43. kilometroa tokatu zaigu eta. 12:00tatik 12:30tara giza katea egingo da; bukatzean, batzuk oriora eta beste batzuk lazkaora joango gara. Bost festa gune jarri dituzte eta guri Lazkao egokitu zaigu.

Orio mailan ere antolatu duzue festa, ezta?

R. Lazkano: Gaur bertan izango da Orion antolatu duguna, Gure Esku Dagoren aurkezpena. Lehenengo Gazta zati bat filma proiektatuko dugu, 19:00etan.

Filmaren sinopsiak honela dio: Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bat ekingo diote: munduan zehar erabaki ahal izatea.

R. Lazkano: Antolakuntza taldea sortu genuenean gazte batzuk zenbiltzan egun hau prestatzen eta film hau proiektatzea zuten buruan. Guk ere asmo horri heldu genion, gaiarekin lotura zuzena baitauka. Proiekzioaren ondoren iritziak elkarbanatu nahi ditugu eta horretarako bide ematen du filmak. 

Jendaurrean hitz egiteko daukagun zailtasunarekin...

R. Lazkano: Jendaurrean hitz egiteko beldurra daukagu, iritzia emateko beldur gara. Baina, tira, nik hitz faltan geratzeko beldurra daukat bakarrik.

A. Aduriz: Baina ezberdina da gai ez sentitzea edo etiketatuko zaituztelako beldur izatea.

M. Larrañaga: Dinamika horrekin beldurrak alboratu nahi ditugu, izan ere, jendea lasai sentitzen bada errazago emango du iritzia.

Eta bukatzeko, kontzertua?

R. Lazkano: 10:30tan Amaren Alabak taldearen kontzertua egongo da. Solasaldian jateko pintxoak egongo dira, tripa betetzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide