Gure esku dago ekimenak ez du alderdi eta taldeen atxikimendurik eskatu; herritarren iniziatiba baita autodeterminazio eskubidearen alde diharduena. Orioko alkatea naiz ni, baina euskal herritarra ere bai. Horrexegatik, hautua egin dut: han izango naiz ondokoari eskutik helduta. Ez noa ezeren aurka. Zerbaiten alde egitera noa: euskal herritarrok erabaki behar dugu gure herriaren etorkizuna. Inoiz erabakitzen utzi diezaguten nahi dut. Aurki bada, hobe. Baina, gure esku al dago?
Rosik, Mariluk eta Arantxak Gure Esku Dago ekimenaren proposamena batzordean aurkeztu zutenean, hiru alderdiek aho batez hartu genuen erabakia: autobusaren kostuaren erdia Orioko Udalak ordainduko du: bost euro herritarrak eta bost euro Udalak.
Igandetik aurrera ere saia gaitezen eskutik helduta lanean. Bata bestearen proposamenak entzun eta adostetik sortuko dugu herria. Baina, horretarako, borondatea behar da: lanerako eta adostasunerako borondatea. Borondate kontua bada, gure esku dago.