Laurgainen prest dituzte San Migel jaiak

Onintza Lete Arrieta

Izer, trikitia joz Atseden Toki elkartean, iazko San Migel egunean. (Onintza Lete Arrieta)

Ostiraletik asteartera ospatuko dituzte festak auzoan, eta lehen eguneko afaritarako txartelak salgai daude. Gaur, asteartea, da horiek eskuratzeko azken eguna. 

Ate joka da San Migel eguna, eta Laurgain auzoan prest dute guztia ostiralean hasi eta hiru egunez beren festez gozatzeko. 

Auzo afari herrikoiarekin abiatuko dituzte jaiak ostiralean. Tomate entsalada, urdaiazpiko tortilla eta txuleta entsaladarekin jango dituzte Atseden Toki elkartean, eta gazta eta menbrilloarekin amaituko dute afaria. Otordua 40 euro kostako da –kafea eta kopa barne–, eta izena emateko azken eguna gaur da. Interesa dutenek Aiako Iturriozena tabernara jo beharko dute horretarako. 

Afalostean, erromeria izango da Izer eta Alabierrekin. Igandean ere trikitia izango da jaun eta jabe Laurgainen: 18:00etatik 21:00etara Laja eta Lutxurdio ariko dira giroa alaitzen, eta horixe izango da egun horretako hitzordu bakarra. 

Asteartean, San Migel eguna, mezarekin hasiko dute eguna, 10:30ean, eta ondoren, hamaiketakoa egingo dute denek elkarrekin. Herri kirol saioarekin amaituko dituzte jaiak. Harrijasotzen Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Mikel Lopetegi Urra ibiliko dira, eta aizkoran, berriz, Aratz Mugertza eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a.

Trikiti doinurik ez da faltako giroa alaitzeko, eta antolatzaileek bertako nahiz inguruko herrietakoak gonbidatu dituzte Laurgaingo sanmigelez gozatzera.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide