Datorren asteazkenean, irailaren 9an, Euskal Jai eguna ospatuko dute Zarautzen, eta Aiako eta Orioko herritarrei joan-etorriak errazteko, gaueko autobus zerbitzu berezia jarri du Aiako Udalak, Alustiza Bidaiak enpresaren laguntzarekin.
Egun horretan, gaueko zerbitzuak izango dira 22:05ean, 00:05ean, 02:05ean eta 03:05ean Zarauztik. Autobusa Aiatik 22:25ean, 00:25ean, 02:25ean eta 03:25ean igaroko da, eta Oriora 22:45ean, 00:45ean, 02:45ean eta 03:45ean iritsiko da.
Zarauzko lehen geldialdia Eguzki tabernaren parean egingo da, eta herriko gainontzeko geltokietatik ere igaroko da. Aiatik Oriora jaisterakoan, berriz, azken geldialdia tren geltokian egingo du.