Egun handia dute gaur Aiako Andatza auzoan, ekainak 29 baititu, San Pedro eguna. Auzo elkartea bete egin da horko arduradunek auzoko edadetuei eskainitako hamaiketakoarekin, eta baita kanpoaldea ere. Adinekoak eta ez adinekoak elkartu dira elkartearen bueltan; debalde egin dute mokadua aurrenekoek, norberak ordainduta bigarrenek, baina sabelak ederki bete dituzte batzuek zein besteek. 80 lagun inguru elkartu dira.
Bazkalaurrea girotzeko, herri kirol ikuskizuna eskaini dute auzotarrek bi taldetan banatuta. Talde batean Ugaitz Mugertza eta bestean Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak aritu dira, eta aurrena erakustaldi txiki bat eskaini dute horiek; segidan, talde lanean hasi dira. Aizkoran aurrena, trontzan gero, ingudearekin eta harri jasotzen, ondoren txingekin, eta korrika, azkena. Lau buelta egin dituzte denera.
Bazkaritan edadetuak eta herri kiroletan aritu direnak elkartu dira, eta arratsaldean jarraituko du festak, kirol gehiagorekin eta erromeriarekin. Izan ere, 17:00etan herriko pilota txapelketa jokatuko dute, eta 18:00etan, berriz, erromeria izango da Maitane Iturriotz eta Garazi Larrañagaren eskutik.
Igandean amaituko dituzte aurtengo jaiak, eta honakoa da egun hauetako egitaraua:
Uztailak 3, ostirala
- 16:30. Oilasko bilketa egingo dute auzoko gazteek, baserriz baserri, Zabale eta Erkizi trikitilariek girotuta.
- 21:30. Mus txapelketa azkarra. Izen ematea 21:30etik 22:00etara.
Uztailak 4, larunbata
- 20:00. Poteoa, DJ Indatek girotuta.
- 21:30. Afaria, Euskal Parrillaren eskutik. Izena emateko azken eguna ekainaren 24a izango da. Horretarako, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.
- Jarraian, DJ Indateren saioa goizalderarte.
Uztailak 5, igandea
- 17:30. Emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketa.
- Jarraian, sagardo dastaketa eta erromeria, Laja eta Lutxurdio trikitilarien eskutik. Elkartean afariak emango dituzte. Mahaia erreserbatzeko, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.
- 23:30. Su artifizialak jaiei amaiera emateko.