Andatzan ere ekin diete sanpedroetako ospakizunei

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 28a

Sanpedroen hasiera irudikatzen duen txupina airera botata, festetan dira Aiako Andatza auzoan ere. Umeek puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute arratsaldean, eta erromeria eta afaria ere egingo dituzte gaur. Datorren igande gauerdira bitartean hamaika jarduera eta ekitaldi gauzatuko dituzte auzoan.

Eskualdeko herri eta auzo batzuetan egunak daramatzate sanpedroak ospatzen, baina beste zenbait tokitan gaur edo bihar hasiko dira –bihar da San Pedro eguna–, eta datorren igandera arte jarraituko dute festen egitarauko ekintzak gauzatzen. Aiako Andatza auzoan, esaterako, gaur arratsaldean, 18:00ak puntuan, bota dute sanpedroen hasiera irudikatzen duen txupina; horrenbestez, dagoeneko festetan dira han ere. Hala ere, jaiak ofizialki hasterako zebiltzan umeak frontoian jarri dituzten puzgarrietan jolasean.

Festetan sartuta, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin erromeria izan dute, eta jende ugari bertaratu da dantzarako gogoak bultzatuta. Gaurkoa afariarekin borobilduko dute. Hain zuen ere, mutil ardoan egondakoek, Andatzako Auzo Eskola kultur elkarteko kideek eta gazte laguntzaileek elkarrekin afalduko dute. 

Bihar, San Pedro eguna izanik, garaiz ekingo diote ospakizunei, 10:30etan meza nagusiarekin. Jarraian, jubilatuek hamaiketakoa egingo dute auzo elkartean, eta behin sabelak beteta, herri kirolez gozatzeko aukera izango dute. Hain zuzen ere, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdik aizkora erakustaldia egingo dute. Ondoren, bazkaria egingo dute jubilatuek, eta arratsalde partean pilota jaialdia eta erromeria izango dituzte entretenigarri. 

Hona hemen datozen ordu eta egunetako prestatu duten egitaraua, osorik: 

Bihar, astelehena: San Pedro eguna

  • 10:30. Meza nagusia.
  • Jarraian, Jubilatuen hamaiketakoa, auzo elkartean. Mahaia erreserbatzeko, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.
  • 12:30. Herri Kirolak: Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi aizkolarien erakustaldia.
  • Ondoren, jubilatuen bazkaria.
  • 17:00. Herriko Pilota Txapelketa.
  • 18:00. Erromeria, Maitane Iturrioz eta Garazi Larrañagaren eskutik. Elkartean afaria eskainiko dute. Mahaia erreserbatzeko, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.

Uztailak 3, ostirala

  • 16:30. Oilasko bilketa egingo dute auzoko gazteek, baserriz baserri, Zabale eta Erkizi trikitilariek girotuta.
  • 21:30. Mus txapelketa azkarra. Izen ematea 21:30etik 22:00etara.

Uztailak 4, larunbata

  • 20:00. Poteoa, DJ Indatek girotuta.
  • 21:30. Afaria, Euskal Parrillaren eskutik. Izena emateko azken eguna ekainaren 24a izango da. Horretarako, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.
  • Jarraian, DJ Indateren saioa goizalderarte.

Uztailak 5, igandea

  • 17:30. Emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketa.
  • Jarraian, sagardo dastaketa eta erromeria, Laja eta Lutxurdio trikitilarien eskutik. Elkartean afariak emango dituzte. Mahaia erreserbatzeko, 669 57 93 51 zenbakira idatzi daiteke.
  • 23:30. Su artifizialak jaiei amaiera emateko.

(Argazkiak: Usua Garin)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide