Aia

Beroa ez da eragozpen Iturriotzen San Joan egunaz gozatzeko

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 24a

Freskuran hasi dute eguna Aiako auzoan, ermita barruan. Herri kirolak eta trikiti doinuak iritsi dira gero, baita bazkaria ere. Gauean erromeria izango da Tapia eta Leturia eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizarrekin.

Iturriotzen San Joan eguna ospatu dute gaur, eta bero itzelari itzalarekin erantzun diote Aiako auzo horretakoek. Meza izan da aurrena ermita barruko freskuran, eta umeak eta loreak bedeinkatu dituzte, ohiturari jarraituz.

Ondoren, hamaiketakoa egin dute, herri kirol erakustaldia hasi bitartean; aizkoran Larrañaga eta Txikia IV.a ibili dira, eta harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola.

Bertso saioa ere izan da, Angel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazurekin. Eta trikiti doinurik ere ez da falta izan, Tapia eta Leturia eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizar musikarien eskutik. Bapo bazkalduz amaitu dituzte goizeko ospakizunak.

Gauean jarraituko du festak, erromeria eskainiko baitute eguerdian aritu diren trikitilariek 22:30etik aurrera.

Bihar amaituko dituzte festak aurtengoz, 12:00etan egingo duten mezarekin. Ekaitzaren kontra eta auzoko hildakoen alde izango da hori. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide