Aia

Suaren bueltan dantzan igaro dute aiarrek urteko gau motzena

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 24a

Dantzan ospatu zuten San Joan bezpera atzo iluntzean, Gozategi plazan piztutako suaren bueltan. Iturriotzen, berriz, festetan murgilduta jarraitzen dute, eta gaurkoan ere izango da zer eginik: herri kirol erakustaldia, bertso saioa eta erromeria prestatu dituzte sanjoanak ospatzeko.

San Joan bezpera ospatu zuten aiarrek atzo iluntzean herriko plazan piztutako suaren bueltan. Hain justu, 21:30 aldera elkartu ziren dantzan eta kantuan aritzeko, eta emanaldia amaitu ostean, txokolate beroa hartzeko geldialdia egin zuten etxera itzuli baina lehen.

Iturriotzen, festetan murgilduta

Aiako Iturriotz auzoan sanjoanak ospatzen ari dira egunotan, eta gaur ere izango da zer eginik. Mezarekin ekingo diote San Joan egunari, eta jarraian, umeen eta loreen bedeinkapena egingo dute. Herri kirol erakustaldia izango da ondoren, eta bazkaria baino lehen, bertso saioa eskainiko dute Peñagarikanok eta Irazuk. Iluntzean, berriz, Tapia eta Leturiaren, eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizarren erromeriak alaituko du auzoa.

Egitaraua

Ekainak 24, asteazkena, San Joan eguna

  • 10:30. Meza. Umeak eta loreak bedeinkatuko dituzte.
  • Ondoren. Herri kirol erakustaldia. Aizkoran Larrañaga eta Txikia IV.a ibiliko dira, eta harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola.
  • Jarraian. Bertso saioa Peñagarikano eta Irazurekin. Tapia eta Leturia. Alaitz Roteta eta Ainara Saizar trikitilariak.
  • Segidan. Bazkaria.
  • 22:30. Erromeria Tapia eta Leturia eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizarrekin.

Ekainak 25, osteguna

  • 12:00. Meza ekaitzaren kontra eta auzoko hildakoen alde.

(San Joan suaren argazkiak: utzitakoak).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide