Aia

Mikel Lopetegi 'Urra' eta Estefania Etxebeste, San Joan sariko txapeldunak

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 22a

Sanjoanak ospatzen ari dira Aiako Iturriotz auzoan, eta egitarauaren barruan, harri jasotzeko San Joan Saria jokatu zuten atzo, igandearekin. Gizonezkoetan, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra nagusitu zen, eta emakumeetan, berriz, Estefania Etxebeste nafarrak jantzi zuen txapela.

San Joan jaiak ospatzen ari dira egunotan Aiako Iturriotz auzoan, eta atzo, igandea, harri jasotzeko San Joan saria jokatu zuten. Aurtengoan partaide mordoa izan ditu lehiak: gizonezkoen kategorian, Mikel Lopetegi Urra, Gorka Etxeberria, Eneko Bilbao, Oier Azpeitia, Aratz Zubeldia, Aimar Ardantza eta Julen Zengoitia lehiatu ziren; emakumezkoetan, berriz, Estefania Etxebeste, Olaia Esnaola, Lierni Osa eta Malen Morandeira aritu ziren harri jasotze lanetan.

Hala, gizonezkoetan Urra nagusitu zen, 112 kiloko harri baldarrarekin lanean aritu ostean. Emakumeetan, berriz, Etxebestek jantzi zuen txapela, 78 kiloko harriarekin altxaketa gehien egin ondoren. Sari banaketaren ostean, Izer eta Alabierren erromeriak alaitu zuen auzoko plaza. Etzi ere egongo da zer eginik Iturriotzen, herri kirol erakustaldia, bertso saioa eta erromeria antolatu baitituzte San Joan eguna ospatzeko. 

Egitaraua

Ekainak 24, asteazkena, San Joan eguna

  • 10:30. Meza. Umeak eta loreak bedeinkatuko dituzte.
  • Ondoren. Herri kirol erakustaldia. Aizkoran Larrañaga eta Txikia IV.a ibiliko dira, eta harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola.
  • Jarraian. Bertso saioa Peñagarikano eta Irazurekin. Tapia eta Leturia. Alaitz Roteta eta Ainara Saizar trikitilariak.
  • Segidan. Bazkaria.
  • 22:30. Erromeria Tapia eta Leturia eta Alaitz Roteta eta Ainara Saizarrekin.

Ekainak 25, osteguna

  • 12:00. Meza ekaitzaren kontra eta auzoko hildakoen alde.

Harri txapelketako argazkiak: Ibon Errazu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide