Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak aurrera jarraitzen du, baina lehiaketa bikainaren ostean, Aia txapelketatik kanpo geratu da eskuzko modalitatean. Final zortzirenetako itzulerako partidak jokatu zituzten asteburuan, eta aurrekoan Aia 2-1 nagusitu bazen ere, oraingoan, Oiartzunen, bestelakoa izan da emaitza. Kadeteen lehia estu joan zen, eta Atorrasagastik eta Illarramendik osatutako bikoteak 18-22 irabazi zieten oiartzuarrei. Jubeniletan eta nagusietan, baina, bestelakoa izan zen kontua: Aizpuruk eta Iruretagoienak 22-9 galdu zuten partida, eta nagusietan ere, 22-8 galdu zuten norgehiagoka Albenizek eta Orbegozok.
Joaneko partidetan Oiartzuni 2-1 irabazi zion Aiak, baina itzulerakoan Oiartzunek emaitza bera lortu duenez, tanto kopurua hartu dute kontuan, eta Oiartzunek egin du aurrera. 36 tanto gehiago egin ditu Oiartzunek; ondorioz, Aia Herriarteko Txapelketatik at geratu da.
Gomazko paletan, hastear
Eskuzko lehiatik kanpo gelditu da Aia, baina beste modalitate batean, gomazko paletan orain hasiko dira lehian aiarrak. Final zortzirenetako itzulerako partidak jokatu dituzte asteburuan. Azkoitia eta Zarautz elkarren aurka lehiatu dira, eta Azkoitiaren aldekoak izan dira emaitzak: joaneko jardunaldian bezalaxe, 2 eta 1 gailendu zen Azkoitia, ostiralean, etxean. Azkoitiko gomazko palistek, oraindik lehian sartu ez den Aia izango dute zain hurrengo asteburuan.