Aia

Txakolin uztaz gozatzeko egun paregabea

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 12a

Giro ederra sortu du Aiako XXII. Txakolin Egunak herriko plazan. Getariako Txakolina jatorri izeneko uzta berria dastatzeaz gain, txekor eta txerri pintxoak egon dira eskuragarri, eta festak arratsaldean jarraituko du, harri jasotze lehiaketa eta erromeria baitituzte prest aiarrek. 

Lainotuta baina ateri argitu du gaur egunak, Aiako XXII. Txakolin Egunaz gozatzeko primerako giroarekin. 11:30erako Getariako Txakolina jatorri izeneko uzta berriko dozenaka botila prest ziren, Aiako plazan alderik alde jarritako karpetan, izotz tartean fresko-fresko. Edalontzia eta bost txakolin kopa sei euroan erosi, txekor nahiz txerri pintxoa bi euroan hartu, eta lagun giroan eguerdi tarte ederra igaro dute herritarrek nahiz bisitariek.

Txakolin eta txakolin artean, janari postu batzuk ere jarri dituzte; gazta eta foie pixka bat etxera eramateko aukera egon da. Baita, iaz bezala, asmakizun-jokoan parte hartzekoa ere: pintxoak egiteko erre dituzten txekorrak eta txerriak, biak batera, zenbat pisatzen duten asmatu behar zen. Pisu zehatzera gehien hurbiltzen denarentzat izango dira gaur Aian postua jarri duten txakolinzale guztien botila bana. Galderak argia zirudien arren, eragin du zalantzarik parte hartzaileen artean: bien pisua batera ala aparte asmatu behar ote zen; animaliak erre aurreko ala ondorengo pisua hartu behar ote zen kontuan... Lan pixka bat izan dute apustuak jasotzen ari ziren gaztetxoek. 

Arratsaldean harri jasotzeak eta erromeria

Txakolin postuak 14:00 arte egon dira zabalik, baina Txakolin Egunak iluntzera arte jarraituko du. Izan ere, 17:00etan Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa jokatuko dute, baita Emakumezkoen Kintopeko Harrijasotze Txapelketa ere.

Pilotalekuan izango da herri kirol ikuskizuna. Emakumezkoetan Naroa Arruti, Maddi Gesalaga eta Maddi Salterain ariko dira. Bi harrirekin, hiru minutuko txandak egingo dituzte; 50 kiloko zilindroarekin eta 59 kiloko kuboarekin ariko dira.

Gizonezkoek ere hiru minutuko txandak egingo dituzte, horiek hiru harrirekin: 125 kiloko koparekin; 112,5 kiloko kuboarekin, eta 100 kiloko bolarekin. Bost lagun ibiliko dira nor baino nor gehiago lehian: Oier Azpeitia, Mikel Lopetegi, Beñat Telleria, Aratz Zubeldia eta Xuban Zumeta.

Eguna hasi bezain giro onean amaitzeko, erromeria izango da 18:30etik aurrera Izer eta Alabier trikitilariekin. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide