Futbol denboraldiko hitzordu garrantzitsuena gero eta gertuago du afizio txuri-urdinak. Izan ere, apirilaren 18an jokatuko du Realak Espainiako Kopako finala Atletico Madrid taldearen aurka, Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian.
Hala, partidaren eguna iritsi baina lehen motorrak berotzen hasiko dira Aian, eta horretarako, arratsalde osoko egitaraua prestatu du Aiako Errealzaleak taldeak ostiral honetarako. Duela 5 urte jokatu zen finalerako ere elkartu ziren talde horretako partaideak, baina pandemia garaia zela eta, bakoitzak bere etxetik ikusi behar izan zuen partida. Aurten, ordea, jarraitzaile asko Sevillan izango dira finalaren egunean, eta herriko gaztetxoekin ere ospatze aldera, ostiral honetatik hasiko dira festa giroan murgiltzen.
Hori horrela, 17:00etatik aurrera umeentzako jolasak izango dira plazan, eta ondoren, 19:00etan, banderaren igoera eta Koparen altxatzea egingo dute. Horretarako, taldeko kideek kopa handi bat margotu dute, frontoian erakusgai jartzeko. Halaber, herri sarrerako ikurriñaren alboan Realaren bandera jarriko dute, eta bertan izango da aste batez.
Jarraian, triki poteo "txuri-urdina" izango da Aize Berri tabernatik abiatuta, eta bitartean, askotariko jolasak ere egingo dituzte plazan adin tarte guztientzako.