Aia

Eskaintza zabala izango dute Iturraranen Aste Santurako

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 29a

Herritarrak ogia egiten, 'Eskua bete ore' tailerreko saio batean. (Aran Aldai)

Besteak beste, Agorregira bisita gidatuak, orientazio jolasak eta tailerrak antolatu dituzte datorren asterako. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. 

Aste Santuko oporraldia iristear da, eta Iturraran parketxean askotariko jarduerak antolatu dituzte familiartean gozatzeko. 

Ohi bezala, Agorregiko burdinola eta errota martxan izango dira, eta apirilaren 2tik 6ra bitartean bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Doakoak izango dira bisitak, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera egongo da: euskaraz 11:15ean hasita, eta gaztelaniaz 12:00etan hasita.  

Hori ez ezik, hiru orientazio jolas ere antolatu dituzte. Lehenik eta behin, euskara eta natura uztartzen dituen jolas berria eskainiko dute apirilaren 3an. Parte hartzaileek, mapa eskuan, Iturrarango bazterretan zehar "begi bistan ageri ez diren sekretuak" bilatuko dituzte, besteak beste, "bertako faunaren arrasto ikusezinak, arbasoek gordetako hitz galduak eta gure basoaren arima sakona".  

Bestetik, Galdutako erlearen bila jolasa egingo dute apirilaren 4an, erleen sekretuak, ezti dastaketa eta kendelgintza tailerra uztartzen dituen jarduera, hain justu. Eta azkenik, naturaz gozatzeko eta lorategiko sekretuak deskubritzeko abenturak ere izango dira egitarauaren barruan.

Gainera, apirilaren 12an Eskua bete ore tailerra egingo dute, hau da, ogia nola egiten den ikasteko saioa. Familia osoari zuzendutako ekimena da, eta bertan parte hartzen dutenek Agorregin ogia egiteko erabili izan ohi diren zerealak ikusi, oreari forma eman eta dastatzeko aukera izango dute. 

Izen-ematea, zabalik

Jardueren inguruko informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, interesdunek 943-83 53 89 telefono zenbakira deitu dezake, baita iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide