Aia

Argizari tailerra antolatu dute iganderako Iturraran parketxean

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 27a

Argizaiola bat. (Javier Juanes de la Peña, Eusko Ikaskuntza)

Kandelario eguna da otsailaren 2a, eta bezperan egingo dute familiei zuzendutako saioa Kandelario, argia piztuz, natura esnatu lelo hartuta. Argizaiola tailerraren aurretik txangoa ere egingo dute parketxean. Ohi bezala, izena eman beharko da aurrez. 

Iturraran parketxean argizari tailerra antolatu dute igande honetarako, otsailaren 1erako. Kandelario eguna da otsailaren 2a, eta bezperan, igandearekin, izango da familiei zuzendutako saioa, 10:30etik 12:30era. Helduek 8 euro ordaindu beharko dute tailerrean parte hartzeagatik, eta 12 urtera arteko haurrek, berriz, 6 euro. 

Ohi bezala, tokia mugatua da eta horregatik, aurrez eman behar da izena 943-83 53 89 telefono zenbakira hots eginda, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua idatzita. 

Tailerraren aurretik, txangoa

Kandelario, argia piztuz, natura esnatu leloa jarri diote saiorai. Esaera zaharrak dio Kandelario, kandelari, nire argia zuri, eta Iturraranen ideia horixe izan dute tailerra antolatzeko. "Neguko egun hotzenetan natura lo dagoela dirudi, baina Iturraran Parketxean sekretu bat dugu: badakigu nola esnatu!", azaldu dute. "Tradizioa eta sormena uztartuz, familia giroan ospatzeko goiz berezi bat prestatu dugu".

Tailerraren aurretik parketxe inguruko txokoak arakatuko dituzte "jolas misteriotsuen bidez", eta udaberriari "ongietorria" emango diote. "Ezustekoz beteriko goiza izango da, naturaren zeinuak interpretatzen ikasiko baitugu", nabarmendu dute.

Tailerrean, bakoitzak bere argizaiola sortuko du, "basoko elementuak eta argizaria erabiliz, etxean natura esnatzen jarraitzeko argi berezi hori izan dezagun".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide