Aia

Astelehenetik aurrera izango da martxan Armendi Gain kaleko geltoki berria

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 19a

Armendi Gain kaleko biribilgunea. (Google Maps)

Urtarrilaren 26tik aurrera, Lurraldebuseko UK08 eta UK48G lineek geldialdia egingo dute Armendi Gain kaleko biribilguneko geltoki berrian. Berrikuntza honen bitartez, herritarren "benetako behar bati" erantzuten zaiola gaineratu du Jon Ander Azpiroz alkateak, "garraio publikoaren irisgarritasuna eta erosotasuna hobetuz".

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, Aian Lurraldebusen zerbitzua hobetze aldera, geltoki berri bat gehitu du herrian. Hain zuzen ere, Armendi Gain kaleko biribilgunean jarri dute geraleku berria eta datorren astelehenetik aurrera izango da martxan. Bertan egingo dituzte geldialdiak UK08 (Zarautz>Aia>Orio) eta UK48G (Zarautz>Aia>Orio gaueko zerbitzua) lineek, zehazki.

Aiako Udalak duela hilabete batzuk eskatu zuen herrian geltoki berri hori gehitzeko, "inguruko bizilagunek autobusa hartu ahal izateko hainbeste ibili beharrik izan ez zezaten", hain justu. Dagokion azterketa egin ondoren, eta udalak bazterbide seguru bat egokitu ondoren autobusek geldialdia "berme guztiekin" egin ahal izateko, geraleku berria hilaren 26an jarriko dute martxan.

Azahara Dominguez diputatuak eskerrak eman dizkio Jon Ander Azpiroz Aiako alkateari garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko eta herritarren artean zerbitzu horren erabilera sustatzeko izan duen "prestasunagatik". Halaber, Azpirozek azpimarratu du "geltoki berri honekin inguruko herritarren benetako behar bati erantzuten diogu, garraio publikoaren irisgarritasuna eta erosotasuna nabarmen hobetzen ditugu, eta udalerriko zerbitzu publikoen hobekuntzan aurrera egiten jarraitzen dugu".

Hori ez ezik, funtsezkotzat jo dute "konexio onak bermatzea eta herritarrei gero eta zerbitzu erakargarriagoa emateko urratsak ematen jarraitzea". Gainera, diputatuak gaineratu du geldialdi horrek "segurtasun plusa" ematen diela erabiltzaileei, batez ere gaueko lineakoei, "geltokia etxetik gertuago izango dutelako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide