2026ko Oporrak Bakean programan izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Uztailean eta abuztuan Mendebaldeko Saharako haurrak etxean hartzeko prest dauden familiek otsailaren 15erako eman beharko dute izena. Egitasmoaren arduradunek "elkartasun ariketa komunitario eder horretan" parte hartzeko deia egin zieten euskal herritar guztiei, larunbatean Donostian egindako agerraldian. "Zu ere zure etxeko ateak zabaltzera gonbidatzen zaitugu. Zu ere harrera familia izatera deitzen zaitugu". Izan ere, kanpaina horren atzean gizarte osoaren "erantzukizun kolektiboa" dagoela diote, nahiz eta etxeko ateak zabaltzen dituztenak familia batzuk izaten diren.
Mendebaldeko Saharako haurrak Euskal Herrira etortzeko beharra zergatik duten azaldu zuten. "Sahararrak euren herrian eta euren lurraldean biziko balira, ez lukete programa honen beharrik izango. 50 urte beteko dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik, eta 50 urte beteko dira ia 200.000 lagun Aljeriako lurretan dagoen Tindufeko kanpamentuetan bizi direnetik". Haiei egoera zail horretan laguntzea da kanpainaren helburua. "Haur sahararrak gure etxe eta familietan hartzeak garrantzi ukaezina du haien osasunari begira".
Haur sahararrentzat mesede dena, Euskal Herriko familientzat aberasgarri ere badela adierazi zuten. "Oporrak Bakean ekinbidean parte hartzeak gu geu ere aberastu egiten gaitu". 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz leloa hautatu dute aurtengo kanpainarako. "Izan ere, Oporrak Bakean hori ere bada; esperantza, alegia", nabarmendu dute: "Ekinaldi hau egingo dugun azken uda izango den esperantza".