Ekialde Urrunetik bidaia luzea egin ondoren, iluntzean iritsi dira Aiara Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta, aurten ere, ongietorri beroa egin diete herritarrek. Gau magikoa da gaurkoa, eta etxeko txikienek zein helduek ilusioz eta ikusminez itxaron dute opariak ekarriko dizkieten Errege Magoen etorrera. Inork ez du aukerarik galdu nahi izan haiek ikusteko eta agurtzeko.
Hilerritik iritsi dira hiru erregeak, dotore eta eskuzabal, goxokiak banatuz. Aurten ez dute garraiobiderik erabili: oinez etortzea erabaki dute. Hainbat laguntzaile izan dituzte alboan, danborra jotzen eta argi-zuziekin, eta trikitilariekin kalejiran, herriko plazarako ibilbidea egin dute Etxetxotik abiatuta.
Jarraian, Aiako parrokian irudikatu duten jaiotzara zuzendu dira Errege Magoak, eta bertan, ohiko opariak egin dizkiote Jesus haurtxoari. Aurretik, ordea, artzainak bi bertso abestu dizkie ongietorri gisara hiru gonbidatuei.
Amaitzeko, herriko haurrekin egoteko eta haien eskutitzak jasotzeko tartea izan dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Herritar guztiak pozik itzuli dira etxera, eta ziur goiz antzera oheratuko direla, bihar goizean amesten dituzten opariak zapata ondoan topatzeko desiatzen..