Aiako Gabonetako egitarauaren barruan, III. Gabonetako Mus Txapelketa jokatuko dute abenduaren 26an, ostiralarekin. Probalekuan izango da hitzordua, 21:30ean hasita, eta izena egunean bertan eman beharko dute partaideek, 20:30etik 21:15era, hain justu.
Sarien berri ere eman dute antolatzaileek: irabazleek, txapela eta garaikurraz gain, 1.000 euro jasoko dituzte, baita bi txuleta, Aginaga Altzariak-en bi oroigarri eta bi lagunentzako afaria Izeta sagardotegian ere; bigarren egiten dutenek, 500 euro, bi oilasko eta Iturriozena jatetxean bi lagunentzako afaria jasoko dituzte; hirugarren bikoteak, 300 euro, saiheskia eta Altxerri jatetxean bi lagunentzako afaria irabaziko du; eta azkenik, laugarren bikoteak 150 euro eta Jauregi jatetxean bi lagunentzako afaria jasoko du.
Hori ez ezik, lehen bi aiar bikoteek Kanua jatetxean bi lagunentzako afaria eta Aize Berri kafetegian bi lagunentzako gosaria izango dituzte jokoan. Gainera, saritu guztiek opari izango dute Azpiazuko txakolina.