Aiako Iturriotz-Azpi adingabeen zentroko hezitzaile bati hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak, zentro horretako neska bati sexu erasoak egiteagatik. Zigortuak 16.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio biktimari, eragindako kalte moralengatik. Fiskaltzak 11 urrteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat, baina horrek onartu egin du neskari sexu erasoak egin izana hura adingabeen zentroan bizi zen bitartean, eta epaiketa hasi aurretik zigor apalagoa adostu dute akusazio partikularrak, fiskaltzak eta defentsak. Gaur zen astekoa epaiketa.
Epaiaren arabera, hezitzaileak 2019 eta 2022 bitartean egin zizkion sexu erasoak, eta zenbait aldiz lagundu zion adingabeen zentrotik ihes egiten, eta bi alditan, ihes egin eta gero, neskak hezitzailearen etxean lo egin zuen.
Behin espetxe zigorra beteta, hezitzaileak hamabi urtean ezingo du ez neskarekin harremanetan jarri, ez harengana hurbildu. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egongo da zazpi urtez, eta bost urtez ezingo du adingabeekin lanik nahiz jarduerarik egin.