Aia

Aiako gazteok ez gaude konforme autobus ordutegi berriarekin

Jokin Alustiza Ibarrola eta Ibai Beorlegi Arrillaga* 2025eko azaroaren 20a

Lurraldebuseko autobus bat. (Gipuzkoa.eus)

Astelehenetik indarrean den UK08 autobus lineako ordutegi berriaren aurrean, Aia-Orio eta Aia-Zarautz artean oreka bat mantentzea eskatzen dute herriko gazteek. Egindako aldaketak bertan behera geratzea nahi dute, eta autobus ordutegi berri baten lanketan beraiek ere parte izatea.

Azaroaren 11n Aiako garraio zerbitzuaren ordutegi aldaketaren berri izan genuen. Ordutegi berria aztertu ondoren, gure desadostasuna adierazi nahi dugu honako idatzi honen bidez. Ordutegiarekin batera udalak zabaldutako oharraren hainbat puntu aipatu nahi ditugu horretarako.

Batetik, aipatzen du "Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak adostutako" kontua izan dela. Gure ustez, Gipuzkoako Parketxe Sarean sartuta dagoen Pagoeta Parke Naturala, Iturrarango Informazio Zentroa, Agorregiko burdinola, lorategi botanikoa… bisitatzera joateko autobusa oso ordutegi murritzarekin utzi da.

Bestetik, esaten du "trenaren ordutegiekin eta ospitalera doazen autobusekin koordinatuko" direla.Trena Oriora iritsi aurretik, Zarauztik igarotzen da, baita ospitaleetara doan autobusa ere. Kontuan hartu ez dena da, ordea, Azpeitia (UK03) aldera doazen autobusak, adibidez, ez direla Oriotik igarotzen, ezta Donostiara autopistatik joaten dena (UK10) edo Bilbora, Gasteizera, Elgoibarrera edota aireportura doazenak ere. Unibertsitatera edota goi mailako zikloetara joan behar dugunok, zer? Ez dugu denok Zarautzen ikasten.

Horrez gain, agintariek esan zuten "erritarren eguneroko mugikortasuna nabarmen hobetuko" zuela. Bada jendea Zarautzen lana egiten duena, Zarautzera joaten dena kirola egitera, edo Zarauzko osasun zentrora joaten dena mediku espezialistak bertan daudelako. Orain Oriotik barrena joan beharko dugu? Aiara igotzeko 15:05etako autobusa bost minutu aurreratu dutenez, orain institututik irtetean 15:00etako autobusa hartu behar izango dute. Horren ondorioz, klasetik bost minutu lehenago irten beharko dugu eta hori ez da gure onurarako Batxilergoa 1. eta 2. mailetan. Eta azterketa astean, zer?

Gazte eta adineko jendeak erabiltzen du gehien garraio publikoa, autobusa berandu iritsiz gero gazteok korrika egin dezakegu trena hartzeko; adineko jendeak, ordea? Ordu erdi itxaron beharko du hurrengo trena etorri arte astean zehar? Eta ordu oso bat, asteburuetan, hurrengo trena etorri arte?

Zarautzera maiz joaten gara. Autobus ordutegia aldatu aurretik, gure planak edota betebeharrak ordutegi baten arabera moldatuta genituen. Orain, ordea, izan duen murrizketaren ondorioz, ez dugu autobus ordutegia bakarrik begiratu behar; trenaren ordutegia ere bai. Zenbat denbora igaro behar dugu garraio publikoan?

Larunbat gauetan, berriz, gurasoak gure bila joaten dira, duela ez urte asko gaueko ordutegia zabaldu zen eta 23:10ean Zarautzera jaisteko garraioa lortu zen. Orain, berriz atzerapauso bat eman dugu, 22:45ean abiatuko den autobusa jarri delako Oriora joateko eta Zarautzeraino iristeko 35 minutuko bidaia egin beharko dugulako.

Eta non geratu dira Laurgaingo herritarrak? Zergaitik horrenbesteko desoreka Aia-Orio eta Aia-Zarautz arteko maiztasunean?

Horrez gain, esan dute "herritarrekin egindako lanketa luze baten emaitza” izan dela hau. Duela urte batzuk bilera bakarra egin zen herri mailan. Bertan, ordutegi aldaketa ez zela egokia adierazi genuen, eta horretan geratu zelakoan geunden. Bilera gehiago egin dira? Noiz? Norekin? Ez zaigu ezer iritsi.

Honetaz guztiaz gain, autobus berri bat jarri digute. Autobus horrek 26 bidaiari eramateko ahalmena besterik ez du. Zarautzera doazen autobusak murriztu direnez, dauden gutxi horiek guztiz betetzen dira, jendea kanpoan uztera behartzeraino. Beraz, autobusetik kanpo geratzen diren herritarrek hurrengoaren zain geratu behar dute eta horrek, noski, Oriora eramango ditu.

Horregatik guztiagatik, autobus ordutegiaren aldaketarekin gure desadostasuna eta haserrea adierazi nahi dugu. Bat-bateko ordutegi aldaketa inposatu zaigula iruditu zaigu, eta egindako aldaketak bertan behera geratzea nahi dugu. Autobus ordutegi berri baten lanketaren alde gaude, baina gu ere parte izanik eta Aia-Orio eta Aia-Zarautz artean oreka bat mantenduz.

*Aiako hainbat gazteren izenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide