Euskal Selekzioak eta Palestinak Bilboko San Mames zelaian jokatuko duten futbol partidara joateko autobusa antolatu dute Aian. Azaroaren 15ean jokatuko dute lagunarteko partida, 20:30ean hasita, San Mames estadioan.
Hori horrela, eguerdiko 12:30ean abiatuko da Aiako Udalak antolatutako autobusa. Txartelak 25 euro balio du, eta eskuratzeko, interesdunek Iturriozena tabernara jo dezakete. Adin txikikoek, aldiz, heldu batekin batera joan beharko dute.
Lagunarteko partida ikusteko sarrerak salgai dira Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean, eta irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira. Egun berean, Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek mobilizazioa deitu dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da.