Etxeberria anaien proiektua, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietarako hautatua

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 5a

Martin eta Xabier Etxeberria, Jon Gartzia eta Oier Aranzabal Ulu Mediako kideak, 'Holobiontea' podcastaren aurkezpenean. (Eitb)

Komunikazio Sariaren atalean, Ulu Mediak gazteentzat sortutako Ulua hedabide digitala da hautagaietako bat. Azaroaren 26an izango da sari banaketa, Andoainen (Gipuzkoa). 

Dagoeneko jakinarazi dituzte aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien finalistak, eta Komunikazio Sariaren atalean, Ulu Mediak gazteentzat sortutako Ulua hedabide digitala izan da hautagaietako bat. Ulu Mediako lantaldea osatzen dute, besteak beste, Xabier Etxeberria Aiako bizilagunak eta haren anaia Martinek.

Ulu Media ekoiztetxearen proiektu honek bideopodcast, podcast eta beste audio euskarrien bidezko hainbat eduki baliatzen ditu jendearengana iristeko. Pop kultura, sare sozialak, feminismoa, umorea eta iritzia dira jorratzen dituzten gaietako batzuk. Gazteei bideratuta dago plataforma, estetikari arreta berezia emanez, entretenimendua ardatz nagusia izanda, eta ikuspuntu umoretsu, berritzaile eta berdinzalearekin. 

Azaroaren 26an izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen (Gipuzkoa), eta han jakinaraziko dituzte zeintzuk diren irabazleak. Aldi berean, Jakoba Errekondo Saltsamendik jasoko du aurten ohorezko mugarria. Ekitaldian, gainera, Amaia Azkue eta Joxan Goikoetxearen musikaz gozatzeko aukera ere izango da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide