Aia

Egun handia ari dira ospatzen gaur Laurgainen

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 29a, 16:00

Aiako auzoan sanmigeletan murgilduta dabiltza larunbatetik, eta gaur, San Migel eguna, goizetik nabaritu da festa giroa.

Irailak 29 ditu gaur, San Migel eguna. Ospakizun asko izaten da bazterretan, eta Aiako Laurgain auzoan ere egun berezia dute. Meza nagusiarekin hasi da eguna, eta ondoren, Atseden Toki elkartea goraino bete dute auzotarrek nahiz bateko eta besteko bisitariek, hamaiketako ederraz gozatzeko.

Izer eta Itxaso Elizagoien trikitilarien doinu alaien atzetik sartu dira denak elkartean, eta ondoren izan den herri kirol festaren bueltan ere ez da trikiti doinurik falta izan. Harri jasotzen Jokin Eizmendi eta Ainitze Zumeta ibili dira, eta aizkoran, berriz, Aratz Mugertza eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a.

Auzo afaria eta erromeria

Sanmigelak larunbatean hasi zituzten Laurgainen, auzo afaria eginez elkartean, eta gaua luzatzeko, erromeria izan zen Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Ainara Saizarrekin. Atzo, berriz ere musikak hartu zuen auzoa; arratsalde partea girotzen aritu ziren Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañagarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide