San Migel festez gozatuko dute Laurgain auzoko bizilagunek larunbatean, igandean eta astelehenean. Aiako Udalak prest du egitaraua, eta auzo afaria eginez emango diote hasiera aurten samielei. Musika izango da protagonista hiru egunez, eta harri jasotze eta aizkora lehiak ere izango dira astelehenean, San Migel egunez.
Auzo afaria Atseden Toki elkartean egingo dute, 40 euro kostako da pertsonako, eta izena osteguna baino lehen eman beharko da, Aiako Iturriozena tabernan. Menua honakoa izango da: tomate entsalada eta urdaiazpiko tortilla; txuleta entsaladarekin; gazta eta menbrilloa; eta kafea eta kopa.
Honakoa da egitaraua:
Irailak 27, larunbata
- 21:00. Auzo afaria Atseden Toki elkartean.
- Ondoren. Erromeria Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Ainara Saizarrekin.
Irailak 28, igandea
- 18:30-21:00. Erromeria Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañagarekin.
Irailak 29, astelehena, San Migel eguna
- 10:30. Meza.
- Jarraian. Hamaiketakoa eta herri kirolak: harri jasotzen Jokin Eizmendi eta Ainitze Zumeta, eta aizkoran Aratz Mugertza eta Hodei Ezpeleta Bihurri II.a. Izer eta Itxaso Elizagoien trikitilariek girotuta.