Aia

Ozar izarrak ikusteko aukera izango da bihar Iturraran parketxean

Aiora Arriola 2025ko abu. 14a, 11:30

Pertseidak zeruan.

Bihar egingo dute behaketa Jesus Arregi adituaren laguntzarekin, 22:15ean hasita. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko dute herritarrek. Bestalde, larunbatean eta igandean, kristalezko behaketa erlauntza bisitatzeko aukera izango dute parketxera joaten direnek.

Ozar izarrak ikusteko Astronomia Gaua antolatu du Aiako Iturraran parketxeak biharko, ostiralerako. Jesus Arregi adituaren laguntzarekin konstelazioen behaketa egingo dute, "perseiden izar malkoak" deituriko meteoro jasak ikusteko. 

22:15ean hasita, Iturraranen bertan egingo dute behaketa, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dute bisitagatik, eta, haurrek, berriz, sei euro.

Hori ez ezik, abuztuaren 16an eta 17an, larunbatean eta igandean, Erleen ezkutuko lanak gure begiradapean jolasa egingo dute. Izan ere, kristalezko erlauntza jarri berri dute parketxearen barruan eta bisita gidatu bereziak eskainiko dituzte han. 13:00etatik 14:00etara egin ahal izango dira bisitak, lau euroren trukean; 3 eta 12 urte bitarteko haurren sarrerak, aldiz, hiru euro balio du.

Ekintzetan izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, 943-83 53 89 zenbakira deitu edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi daiteke. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide