Aiako Udalak aurrekontu partida bat ezarri du 2024-2025 ikasturtean zehar euskalduntze ikastaroetara eta UEUko udako ikastaroetara doazen Aiako biztanleei laguntzak emateko. Izan ere, udalaren helburua da neurri egokiak hartzea euskara "gizarte esparru guztietan erabil dadin" eta, oro har, "gizarte bizitzan euskararen presentzia gehitu dadin".
Deialdiaren helburua 2024-2025 ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten aiarrei dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea da. Era berean, UEUko udako ikastaroak egin dituzten herritarrei ere matrikula gastuetarako dirulaguntza emango zaie.
Dirulaguntzen onuradunak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
- Euskalduntze edo alfabetatze ikastaroren bat edo UEUko udako euskarazko ikastaroren bat egitea 2024-2025 ikasturtean.
- Dirulaguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Aiako Udalerrian erroldatuta egotea.
- Ikastaroan eskainitako orduen %80a hartzea gutxienez.
Inprimakiak udaletxeko bulegoan aurkeztu beharko dira 08:00etatik 13:00etara bitartean. Eskabidearekin batera, bertan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da. Edonola ere, dirulaguntzaren eskaera, ikastaroa bukatu ondoren egingo du ikasleak, 2025eko uztailaren 1etik irailaren 30a bitartean, hain zuzen ere.
Eskaera inprimakiarekin batera, eskatzailaren NAN fotokopia, matrikularen ordainagiria, Euskaltegia edota UEUren bertaratze ziurtagiria, eskatzailearen asistentzia aurkeztu beharko dira. Xehetasun guztiak ikusgai daude, hemen.