Gaur eguerdian autorik ez zen kabitzen Aiako Iturriotz auzoko bentaren inguruetan. Sanjoanak ospatzen dituzte han, eta gaur dute egun handia, San Joan eguna. Eguraldi ederra lagun, Aiatik ez ezik, inguruko herri eta auzoetatik ere jende andana igo da Iturriotzera goizean goizetik.
Eguna mezarekin hasi dute, eta ohi bezala, umeak eta loreak bedeinkatu dituzte. Ondoren, hamaiketakoaz gozatu dute gehienek, askok benta barruko mahai luzeetan eserita –urte osoan, gaurko egunez bakarrik zabaltzen ditu ateak– eta beste batzuek, kanpoko barra inguruan. Itzaletan, gehienek, eguzkiak gogor jotzen baitzuen.
Herri kirol erakustaldia izan da gero. Harri jasotzen, Maddi Gesalaga eta Malen Morandeira aritu dira, eta aizkoran, berriz, Otaño eta Txikia IV.a. Bertsorik ere ez da falta izan: Angel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu aritu dira, umorez. Trikitkiarekin, berriz, Tapia eta Leturia eta Intxausti eta Larrañaga.
Bazkariakren tartea etorri da gero, eta gauean jarraituko du festak, 22:30ean erromeria eskainiko dutelako Tapia eta Leturia eta Intxausti eta Larrañaga trikitilariek.
Auzoko jaiak bihar amaituko dira, 12:00etan egingo duten mezarekin. Ohiturari jarraiki, biharko meza ekaitzen kontra eta auzoko hildakoen alde izango da.
San Juan sarian Azpiazu nagusi
Joan den asteburuan hasi zituzten festak Iturriotzen, eta igande arratsaldean, esaterako, Aiako 114 kiloko Harri Baldarrarekin gizonezkoen txapelketa jokatu zuten, San Joan Saria. Parte hartzaileak Iraitz Arruti, Paulo Azpiazu, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra eta Iker Sojo izan ziren, eta denen artean Azpiazu Zarauzko bizilaguna gailendu zen, nahiz eta Urra gertu ibili zitzaion; altxaldi bakarraren aldea egon zen bien artean.
Honela gelditu zen sailkapena:
- Paulo Azpiazuk 27 altxaldi.
- Mikel Lopetegi Urrak 26 altxaldi.
- Gorka Etxebarriak 17 altxaldi
- Aimar Galarragak 15 altxaldi.
- Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak 14 altxaldi.
- Iker Sojok 13 altxaldi.