Aia

Hastear dira Andatzako San Pedro jaiak

Julene Sorarrain 2025ko eka. 23a, 09:49

Andatzako plaza, sanpedroetan, banderatxoz jantzita. (Guka)

Jai giroan murgilduta izango da Andatza ekainaren 26tik 29ra, izan ere, egitarau biribila prestatu du auzoko elkarteak aurtengo sanpedroak ospatzeko. Erromeriak, kirol probak, sardin jana eta sagardo dastaketa egingo dituzte, besteak beste, datozen egunetan.

San Pedro jaiak ospatuko dituzte aste honetan zehar hainbat herritan, –tartean Aiako Andatza auzoan– eta Andatzako Auzo Eskola Elkarteak egitarau oparoa prestatu du beste urte batez, ospakizun horren harira. Hala, ekainaren 26an txupina lehertu eta auzoa jai giroan murgilduta izango da astea amaitu arte. Ez dira faltako urteroko jarduerak: oilasko bilketa, erromeriak, sardin jana edota herri afaria.

Aurten, gainera, Emakumeen Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketako eta Gizonezkoen Gipuzkoako 2. mailako Aizkolari Txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, San Pedro egunean.

Bestalde, bertaratzen direnek auzoko elkartean afaltzeko aukera izango dute, eta horretarako 608 08 47 48 zenbakira deitu beharko dute, erreserba egiteko. 

Egitaraua

Ekainak 26, osteguna

  • 18:00. Txupinazoa, jaiei hasiera emateko.
  • 21:30. Mutil ardoan egondakoen, elkarteko kideen eta gazte laguntzaileen afaria, elkartean.

Ekainak 27, ostirala

  • 16:30. Oilasko bilketa egitea irtengo dira auzoko gazteak baserriz baserri Zabale eta Erkizi trikitilariek girotuta.
  • 17:00. Ume jolasak.
  • Arratsaldean, merienda eskainiko zaie bertaratutako umeei.
  • 22:00. Erromeria, Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien eskutik.

Ekainak 28, larunbata

  • 11:00. Sardin jana.
  • 12:00. Herriko Pilota Txapelketa.
  • 18:00. Poteo musikatua.
  • 21:30. Afaria, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 00:00. DJ Indate.

Ekainak 29, igandea: San Pedro Eguna

  • 10:30. Meza nagusia.
  • Jarraian, jubilatuen hamaiketakoa.
  • 12:30. Herri Kirolak. Udane Ostolaza eta Ainitze Zumeta harri jasotzaileen eta bertako gazteen eskutik.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria.
  • 17:30. Emakumeen Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketako finala eta Gizonezkoen Gipuzkoako 2. mailako Aizkolari Txapelketako finala.
  • Jarraian, sagardo dastaketa Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuta.
  • 22:00. Erromeria, Laja eta Lutxurdio trikitilarien eskutik.
  • 00:00. Traka Zaratatsua jaiei amaiera emateko.

Ekainak 30, astelehena

  • 10:30. Meza nagusia.

Uztailak 4, ostirala

  • 21:30. Mus txapelketa azkarra. (Izen-ematea 21:30etik 22:00etara).

Uztailak 12, larunbata

  • Oilasko bilketako afaria elkartean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide