Aia

Aristerrazuko erromeriak agurtu dituzte giro ezinhobean

Julene Sorarrain 2025ko eka. 18a, 11:00

Pasa den igandean eman zien amaiera aurtengo erromerien denboraldiari. Andatzako Erromeria Elkarteak duela gutxi hil den Izer musikaria omendu zuen azken urteetan egindako ekarpenagatik, eta ondoren Tapia eta Leturia arduratu ziren Aristerrazuko plaza girotzeaz.

Pasa den igandean eman zioten amaiera Aristerrazuko erromeria denboraldiari, eta Andatzako Erromeria Elkartea "oso gustura" dago azken urtean erromeriak izan duen arrakastarekin.

Hala, festari hasiera eman aurretik, duela hilabete hil zen Manuel Arrizabalaga Izer omendu zuen elkarteak, izan ere, sarritan etortzen baitzen Aristerrazura, eta bertan emanaldiak eskaintzeaz gain, oholtzaren konponketa lanetan ere parte hartu zuen. Iosu semeari eta Tomaxiri lore sorta bana eman zitzaien, baita Izer aita-semeak grabatuta dituen egur zati bat ere.

Omenaldiaren ostean, erromeriaren txanda iritsi zen. Azken saio honetan, Tapia eta Leturia arduratu ziren Aristerrazuko plaza girotzeaz, eta jendetza gerturatu zen dantzan eta kantuan egitera. Arratsaldeko 20:00etan, urte osoan elkarteari laguntzeko antolatu duten zozketa egin zen. Irabazleek trikitia, Usotegi landetxeko egonaldia, bi bazkari eta beste bost saski jaso zituzten.

Uda garaian etenaldia egin ondoren, urrian abiatuko du hurrengo denboraldia Aristerrazuk.

Argazkiak: Andatzako Erromeria Elkartea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide