Eguraldi onaren etorrerarekin, Aiako igerilekuak bere ateak zabaldu ditu, eta irailaren 7ra arte egunero egongo da erabilgarri. Iaz bezala, aurten ere festa giroan hasi dute denboraldia, eta ohikoa den bezala, hainbat herritar gerturatu ziren atzo arratsaldean pintxo poteoaz gozatzera.
Janari eta edari goxoaz ez ezik, bertaratu zirenek Galdedebalderen saioa entzun izan ahal zuten zuzenenan. Ondoren, Esti Markez eta Iker Lauroba musikariak arduratu ziren tabernako terraza girotzeaz.
Bonoak, eskuragarri
Igerilekuko bonoak jada eskuragarri daude igerilekuan bertan, 16:00etatik 19:00etara bitartean. Aiarrek lehentasuna izango dute horiek eskuratzerako orduan, eta adinaren arabera, kuota ezberdina ordaindu beharko dute –eskudirutan ordaindu behar da–: 2 urte arteko umeentzat doan izango da, 3-5 urte artekoek 30 euro ordaindu beharko dituzte, 6-17 urte artekoek 35 euro, eta 18 urtez gorakoek, berriz, 50 euro.