Aia

Gaur zabaldu dute Aiako udalekuetan eta igeriketa ikastaroan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 12a, 13:32

Artxiboko irudian, Aiako umeak San Fermin txiki ospatzen udalekuetan.

Udaleku irekiak ekainaren 30etik uztailaren 30era izango dira, goizetan, 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. Udalak aurrerago emango du 13-16 urte artekoentzako eskaintzaren berri.

Aiako Udalak herriko familiei aurten ere eskainiko die udaleku irekien zerbitzua, eta gaurtik aurrera zabalik dago horietan izena emateko epea Kultur Etxean, maiatzaren 30era arte.

Udalekuak 12 urtera arteko haur eta gaztetxoentzat izango dira, eta hilabete iraungo dute, ekainaren 30etik uztailaren 30era, goizetan: zehazki, 10:00etatik 13:00etara egingo dituzte. Prezioari dagokionez, Aian erroldatutakoek 65 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, berriz, 140 euro. Familia bereko hirugarren kideak eta hortik aurrerakoek, matrikula erdia ordainduko dute. Bestalde, lehentasuna aiarrek edukiko dute, eta toki librerik balego, gainerakoak izen-emate hurrenkeraren arabera hautatuko lituzkete.

Udalak 13 eta 16 urte arteko gazteei ere egingo die udako eskaintza, baina izena emateko epea aurrerago zabalduko duela jakinarazi du, eta orduan emango dituela dagozkion xehetasunak.

Igeriketa eta zaintza eta autobus zerbitzuak

Udaleku irekiez aparte, igeriketa ikastaroa eta zaintza zerbitzua ere eskainiko dituzte Aian. Igeriketa ikastaroa uztailaren 1etik 30era izango da, arratsaldeetan, astelehenetik ostiralera, eta orduerdiko saioak izango dira. 4 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute ikastaro horretan, eta 25 euroko kostua izango du.

Udaleku irekietara doazen haurrentzako zaintza zerbitzua ere eskuragarri egongo da, 08:00etatik 10:00etara arte (ordu horretan hasiko dira udalekuko ekintzak). Zaintza zerbitzua emateko, ordea, zortzi haurreko taldea osatu beharko da gutxienez, eta haur bakoitzeko 35 euro ordaindu beharko dira.

Azkenik, auzoetako haurrentzako autobus zerbitzua egongo da, eta umeak udalekuetan apuntatzean eman beharko da izena autobuserako ere, 30 euro gehiago ordainduta.

Ordainketa

Udalak jakinarazi du udalekuetako kuota norberaren kontu korrontetik kobratuko dela zuzenean uztailaren 15ean, eta horregatik, izena ematerakoan banketxeko datu hori eman beharko da, baita umearen NA zenbakia ere (edo gurasoarena, umeak ez badu).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide