Iturraran parketxeak herritarrentzako bi proposamen ditu hurrengo asteetarako. Batetik, familiei zuzendutako talo tailerra antolatu du, eta hori igande honetan bertan izango da, hilaren 18an, 12:30etik 13:45era. Norberak bere taloa egin eta jateko aukera izango du. Aurrena, ordea, Agorregiko burdinola eta errotak bisitatuko dituzte.
Yoga saioa, berriz, helduentzat izango da, eta ekainaren 1ean eskainiko dute parketxean, 10:00etatik 12:30era. Yoga eta soinu armoniatsuak naturan izena jarri diote, eta hain zuzen, yoga ariketak egiteaz gain, parte hartzen dutenek hainbat soinurekin ere egingo dute lanketa. Naomi Mendizabal eta Mirari Mukande izango dira irakasleak.
Izen-ematea eta prezioak
Bi ekintzetarako izena aurrez eman behar da 943-83 53 89 zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Talo tailerraren kasuan, 12 urtera arteko haurrek 6 euro ordaindu beharko dute tailerrean parte hartzeko, eta adin horretatik gorakoek, berriz, 8 euro.
Yoga eta soinu saioan parte hartzeak 35 euroko kostua izango du.