Aiako Gazte Asanbladak hitzordu berezia prestatu du maiatzaren 17rako: kinta arteko herri kirol desafioa. Larunbat eguerdian, 12:00etan hasiko dira lanean parte hartzen duten taldeak: harri jasotzen, trontzan, ingudearekin, lokotx biltzen, txingekin eta zaku karreran ibili beharko dute, eta momentuz bada ikusmina, zazpi taldek eman baitute izena behin-behinean. Kopuru hori aldakorra izan ohi dela esan dute antolatzaileek, eta beraz, eguna gerturatu ahala jakingo dutela azkenean zenbat kinta izango diren lehian.
Kinta txapeldunak izango du saria, Izeta sagardotegian otordua eskainiko baitiete kuadrilla osoari.
Apustuaren egunean bertan ere, desafioa amaitutakoan, herri bazkaria eginez jarraituko dute festa giroan. Nahi duen orok parte hartzea izango du bazkarian, eta txartelak dagoeneko salgai daude Jauregin, 25 euroan. Maiatzaren 8rako erosi beharko dira; hori bai, desafioan parte hartzen dutenek ez dute erosi beharrik izango, antolatzaileek hartuko baitute haientzat tokia.
Bazkariko menua honakoa izango da: arroza barazkiekin aurrena, oilasko izterra patatekin bigarrenik eta gazta tarta amaitzeko. Ura, sagardoa, ardoa eta kafea ere menuan sartuta daude.