Aia

Aia, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari ekiteko prest

Julene Frantzesena 2025ko api. 10a, 12:23

Gipuzkoako hainbat pilota elkartetako eta federazioko kideak atzoko aurkezpenean.

Gomazko paletan parte hartuko dute aiarrek, eta inguruko aurkariak ere izango dituzte: Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, besteak beste. Maiatzean hasiko dira txapelketak.

Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo, asteazkenez, aurkeztu zuen aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Donostian. Aurreko urteetan legez, lau modalitatetan ariko dira lurraldeko hainbat herri txapelaren bila: esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta zesta punta. Aiak gomazko paletan parte hartuko du, eta inguruko herri batzuk izango ditu aurkarien artean: Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, besteak beste.

Beste modalitate batzuetan ere ariko dira eskualdekoak: eskuzko txapelketan ariko dira Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa; larruzko paletan Azpeitia; eta zesta puntan Zumaia. Atzo aurkeztu zituzten egutegiak eta zozketak ere egin zituzten. Beraz, dagoeneko zehaztuta dago zein herrik zein herriren kontra jokatuko dituzten lehen kanporaketak.

Gomazko paletan maiatzaren 4ko asteburuan ekingo diote norgehiagokei, baina Aia zuzenean final laurdenetan hasiko da, ekainaren 1eko asteburuan: maiatzaren 4ari dagokionez, Zumaiak Andoain izango du aurkari eta Zarautzek Lasarte-Oria; etxetik kanpo hasiko dituzte neurketak eskualdeko bi herrietako pilotariek. Azkoitia, berriz, final zortzirenetan hasiko da lehian (maiatzaren 18ko asteburuan).

Eskuzko lehiako final hamaseirenetako joaneko partidak maiatzaren 4an jokatuko dituzte; Azkoitiak Aretxabaleta izango du aurkari, Azpeitiak Aduna izango du parez pare eta Zestoak Lazkaoren aurka neurtuko ditu indarrak. Urola Erdiko hiru herrietako ordezkariek etxetik kanpo jokatuko dituzte joaneko partidak. Ekainaren 28an izango da txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Txapelketa horiek baino astebete beranduago ekingo diote larruzko paletakoari eta zesta puntakoari. Maiatzaren 11ko asteburuan Deban hasiko du lehia Azpeitiak, herri horren aurka jokatuko baititu final laurdenetako neurketak, eta ekainaren 7an izango da finala, Ordizian. Aldiz, zesta puntako txapelketan Zumaia izango da eskualdeko ordezkaria; etxean jokatuko ditu lehen jardunaldiko partidak Mutrikuren kontra, maiatzaren 11ko asteburuan. Ekainaren 22an izango da zesta puntako txapelketaren aurtengo finala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide